XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Norbaiten interesa beraz hori ere. Zeren hemen baita mina: nolaz den jende hori euskal kulturaren harrobi bizia hain urte nasaiez agertu zaigun etxeaz edo ahantzia edo axolagabetua, halabeharrak joa bezala! eta zerbait pentsatzeko gogoa etortzen bazaio, zernahiren irensterat emana.

Hamar urte hurbil beraz jadanik Baionako Euskal Museo egiazkoa hetsia dela, oi! ez egia da harramantza zerbait gabe, kazeta edo egunkari horien orriak nolazpait betetzeko bezala.

Baina orain galdatzen bagenu berriketari zorrotzenek denboran erranak zertan diren orain?

Eta non agertu ote diren kanpora hainbertze solaski edo idazkien artean Baionako Euskal Museoa bezalako herri-museo batek zuen edo duen garrantzia?

Baina nork nahi du egiteko horietan beti hegalak erraz aritu? Goazen hortakotz errazkiago beste kultura guneri!

Ez ote dira berdin hain beharrak hauek ere: kultura etxe, herri kultura ekitaldi eta beste... hainbeste jauntxo zahar eta gazte gutartean ausagailustatzen dituztenak aipamen eta diru zenbaiten artean ere berdin! Alaintso! Ez baitira hauek ere beti auzoari uzteko gauzak! Eta zer? Kultura bat ez ote da azkenean Euskal Herrian ere beste helburu batzuetarat joaiteko aitzakia polit bat izaiten ahal, ahatik hau nehori salatu gabe!

Arte horretan, Baionako Euskal Herri-Museoa bere hetsaldian oraino aski luzaz dagoke, berdin hor aipatzen diren gauzak aski bizirik baitaude kanpoan, gure herri eta hirixketan: dela kantu, dantza, pilota, zur, burdin edo harrizko lan, ohitura eta berdin hizkuntza bera ere.

Zergatik axola beraz Baionako Euskal Museo batez? Eta horretan askok ez jakin azkenekotz zeri edo nori fida: Museo hori egin zutenak hain axolatuak ote ziren beren denboran euskal kulturaz?

Batzuek baitiote berdin ezetz, deblauki: baizik eta tokiko komertzio sare bat indartzeko eraikia zela, udatiarren Baionarat biltzeko ostatu edo hoteletan gaindi.

Baina aitzakia horretaz balia ez ote zen ezagutu dugun Baionako Euskal Museoa merkatu horretaz besterik? Nork erran dio gaurko gure kulturaren eta hizkuntzaren otar eta landetan dabiltzanen artean ez diotela zerbait zor Baionako Euskal Museoak irekia zen denboretan gisa bat edo beste agertu altxorrari eta herri-deiari?